CC is a small nonprofit fighting for the open web. We need your support to continue our work. Donate today!
Version 1.0 • See the errata page for any corrections and the date of change
About the license and Creative Commons
Creative Commons Corporation («Creative Commons») ez da abokatu-bulego bat, eta ez du zerbitzu juridikorik edo aholkularitza juridikorik eskaintzen. Creative Commons lizentzia publikoa banatzeagatik ez da abokatu-bezero harremanik edo bestelakorik sortzen. Creative Commons-ek «bere horretan» jartzen ditu eskuragarri bere lizentziak eta horiekin erlazionatutako informazioa. Creative Commons-ek ez du bermerik eskaintzen bere lizentziei, lizentzia horiekin emandako edozein materiali edo horiekin erlazionatutako informazioari dagokienez. Creative Commons-ek, ahal den neurrian, ez du erantzukizunik hartzen horiek erabiltzetik sor daitezkeen kalteen gainean.
Creative Commons Lizentzia Publikoen erabilera
Creative Commons lizentzia publikoek baldintza-sorta estandar bat eskaintzen dute sortzaileek eta bestelako eskubideen jabeek erabili ahal izan ditzaten gizartearekin partekatzeko, bai jatorrizko egile-lanak, bai egile-eskubideei edo lizentzia publikoan zehazten diren beste eskubide batzuei lotutako materialak. Ondorengo kontsiderazioak informazio moduan ematen dira; ez dira exhaustiboak, eta ez dira gure lizentzien zati.
Lizentzia-emaileentzako kontsiderazioak
Publikoari materiala erabiltzeko baimena emateko pentsatuta daude gure lizentzia publikoak, horretarako ahalmena dutenek jendeari baimena eman diezaioten bestela egile-eskubideei eta beste eskubide batzuei lotuta egongo litzatekeen materiala erabili ahal izateko. Gure lizentziak errebokaezinak dira. Lizentzia eman aurretik, lizentzia-emaileek arretaz irakurri eta ulertu behar dituzte aukeratu duten lizentziaren baldintzak. Era berean, behar diren eskubide guztiak bermatu behar dituzte gure lizentziak erabili aurretik, publikoak materiala aurreikusi bezala berrerabili ahal izan dezan. Argi eta garbi markatu behar dute lizentziaren barruan sartzen ez den materiala. Besteak beste, CC lizentziadun bestelako materiala, edo egile-eskubideen salbuespen edo mugekin erabilitako materiala. Lizentzia-emaileentzako kontsiderazio gehiago.
Publikoarentzako kontsiderazioak
Gure lizentzia publiko bat erabiltzen duenean, lizentzia-emaileak publikoari baimena ematen dio material lizentziatua erabil dezan zehaztutako baldintzetan. Lizentzia-emailearen baimena beharrezkoa ez bada, edozein arrazoi dela medio -adibidez, egile-eskubideen salbuespen edo mugaren bat aplikatzen delako-, erabilera hori ez da lizentziaren arabera erregulatuko. Gure lizentziek egile-eskubideei, edo lizentzia-emaileak eman ditzakeen beste eskubide batzuei, lotutako baimenak soilik ematen dituzte. Material lizentziatuaren erabilera beste arrazoi batzuk direla medio muga daiteke, besteak beste, beste pertsona batzuek materialaren gaineko egile-eskubideak edo beste eskubide batzuk dituztelako. Lizentzia-emaileek eskaera bereziak egin ditzakete, adibidez, aldaketa guztiak adierazteko edo deskribatzeko eskaera. Gure lizentziek horretara behartzen ez duten arren, eskaera horiek errespetatzea gomendatzen dizugu, zentzuzkoa den neurrian. Publikoarentzako kontsiderazio gehiago.
CC0 1.0 Unibertsala
CREATIVE COMMONS CORPORATION EZ DA ABOKATU-BULEGO BAT, ETA EZ DU ZERBITZU JURIDIKORIK ESKAINTZEN. DOKUMENTU HAU BANATZEAGATIK EZ DA ABOKATU-BEZERO HARREMANIK SORTZEN. CREATIVE COMMONS-EK INFORMAZIO HAU «BERE HORRETAN» ESKAINTZEN DU. CREATIVE COMMONS-EK EZ DU BERMERIK EMATEN DOKUMENTU HONEN ETA AURRERAGO AIPATZEN DIREN INFORMAZIOAREN ETA LANEN ERABILERAREN INGURUAN, ETA EZ DU ERANTZUKIZUNIK DOKUMENTU HAU ETA AURRERAGO AIPATZEN DIREN INFORMAZIOA ETA LANAK ERABILTZETIK SOR DAITEZKEEN KALTEEN GAINEAN.
Asmo-aitorpena
Mundu osoko jurisdikzio gehienek automatikoki aitortzen dizkiete Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubide esklusiboak (behean definitzen direnak) jatorrizko egile-lan baten edota datu-base baten (hemendik aurrera, «Lana») egileari eta ondorengo jabeari edo jabeei (hemendik aurrera, «Jabea»).
Zenbait jabek behin betiko uko egin nahi izaten diete Lanaren gaineko eskubideei, sormen-, kultura- eta zientzia-lanen funts komunari («Funts Komuna») ekarpen bat egiteko asmoz, publikoak erabili ahal izan dezan modu fidagarrian eta lege-hausteen ondoriozko demandei beldurrik izan gabe, gainean eraikitzeko, aldatzeko, beste lan batzuetan txertatzeko, berrerabiltzeko eta banatzeko, ahalik eta askatasun gehienarekin, edozein formatutan eta edozein helburutarako, helburu komertzialak barne hartuta, mugarik gabe. Jabe horiek Funts Komunari laguntzen diote kultura librearen ideala eta sormen-, kultura- eta zientzia-lanen etengabeko ekoizpena sustatzeko, edo ospea irabazteko eta beren Lanak hedapen handiagoa izateko, neurri batean hirugarrenen erabilera eta ahaleginari esker.
Helburu edo arrazoi horiek edota beste batzuk direla-eta, eta bestelako ordainik itxaron gabe, Lan bati CC0 esleitzen dion pertsonak («Aitortzailea»), Lanaren Egile-eskubideen eta horiei Lotutako Eskubideen jabe den neurrian, bere borondatez erabakitzen du Lanari CC0 aplikatuko diola eta Lana publikoki banatuko duela dagozkion baldintzen arabera, Lanaren gainean dituen Egile-eskubideen eta horiei Lotutako Eskubideen jakitun izanda, eta CC0 tresnak eskubide horietan duen esanahia eta eragin juridikoa ezagututa.
1. Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubideak.
CC0-rekin eskuragarri jartzen den Lan batek Egile-eskubideen eta horiei Lotutako Eskubideen edo ingurukoen («Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubideak») babesa izan dezake. Egile-eskubideen eta horiei Lotutako Eskubideen barnean sartzen dira, besteak beste, honako hauek:
- Lana erreproduzitzeko, egokitzeko, banatzeko, interpretatzeko, erakusteko, komunikatzeko eta itzultzeko eskubidea;
- jatorrizko egileak/egileek edota interpretatzaileak/interpretatzaileek dituzten eskubide moralak;
- Lan batean irudikatzen diren pertsonen irudi-eskubideak eta pribatutasun-eskubideak;
- Lanaren gaineko lehia desleialaren aurka babesten duten eskubideak, 4(a) paragrafoko mugen arabera;
- Lanaren barruko datuen erauzketa, hedapena, erabilera eta berrerabilera babesteko eskubideak;
- datu-baseen gaineko eskubideak (hala nola, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1996ko martxoaren 11ko 96/9/EE Zuzentarauan, datu baseak juridikoki babesteari buruzkoan, oinarritzen direnak, eta zuzentarau horren nazio-mailako aplikazioetatik eratortzen direnak, zuzentarauaren bertsio zuzenduak eta ondorengo bertsioak barne hartuz); eta
- mundu osoko beste lege antzeko edo baliokide batzuk, lege edo itun aplikagarrietan oinarritzen direnak, eta horien nazio-mailako aplikazioak.
2. Uko egitea.
Aplikatzekoa den legeak baimentzen duen neurririk handienean, legea urratu gabe betiere, Aitortzaileak, honen bidez, adierazten du espresuki, bete-betean, behin betiko, modu errebokaezinean eta baldintzarik gabe uko egiten diela Aitortzailearen Egile-eskubide eta horiei Lotutako Eskubide guztiei, eta horien inguruko erreklamazio eta akzio juridiko orori, ezagunak zein ezezagunak izan (gaur egungo zein etorkizuneko erreklamazio eta akzio juridikorako aukerak barne) Lanari dagokionez, (i) mundu guztiko lurraldeetan, (ii) lege edo itun aplikagarriek zehazten duten iraupenik luzeenean (etorkizuneko luzapenak barne), (iii) egungo edo etorkizuneko edozein euskarritan eta nahi adina kopiatarako, eta (iv) edozein xedetarako, barne hartuz, besteak beste, helburu komertzialak, publizitateari lotutakoak edo sustapenekoak («Uko egitea»). Aitortzaileak Uko egite hau ematen du publikoko pertsona bakoitzaren onerako eta Aitortzailearen beraren oinordekoen eta ondorengoen kalterako, asmoa izanik Uko egitea ez dadila errebokatu, hutsaldu, ezereztu, azkendu, eta ez dadila bestelako akzio legezko edo antzekorik baliatu publikoari galarazteko Lanaz gozatu ahal izatea Aitortzailearen berariazko Asmo-aitorpenan adierazitako moduan.
3. Lizentzia Publiko osagarria.
Uko egitearen zatiren bat baliogabea edo eraginkortasunik gabea dela ebazten bada lege aplikagarriaren arabera, ahalik eta neurririk handienean mantenduko da Uko egitea, Aitortzailearen berariazko Asmo-aitorpena kontuan hartuz. Horrez gain, Uko egitea hala epaitzen bada, Aitortzaileak, honen bidez, ukitutako pertsona bakoitzari doako lizentzia transferiezin, ez azpilizentziagarri, ez-esklusibo, errebokaezin eta baldintzagabe bat emango dio Aitortzailearen Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubideak erabiltzeko, Lanari dagokionez (i) mundu guztiko lurraldeetan, (ii) lege edo itun aplikagarriek zehazten duten iraupenik luzeenean (etorkizuneko luzapenak barne), (iii) egungo edo etorkizuneko edozein euskarritan eta nahi adina kopiatarako, eta (iv) edozein xedetarako, barne hartuz, besteak beste, helburu komertzialak, publizitateari lotutakoak edo sustapenekoak («Lizentzia»). Lizentzia eraginkorra izango da Aitortzaileak Lanari CC0 aplikatu zion egunetik aurrera. Lizentziaren zatiren bat baliogabea edo eraginkortasunik gabea dela ebazten bada lege aplikagarriaren arabera, baliogabetasun edo eraginkortasunik ezak zati bati baino eragiten ez dionez, ez dira indargabetu behar Lizentziaren gainerako xedapenak, eta kasu horretan, Aitortzaileak baieztatzen du, honen bidez, (i) ez dituela erabiliko Lanaren gainean geratzen zaizkion Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubideak eta (ii) ez duela abiaraziko demandarik eta akzio juridikorik Lanari dagokionez, Aitortzailearen berariazko Asmo-aitorpenaren aurkakoak badira.
4. Mugak eta Erantzukizun-ukatzeak.
- Dokumentu honek ez du lagatzen, uzten, transmititzen edo lizentzian ematen Aitortzaileak duen marka- edo patente-eskubiderik, eta ez du eskubide horietan beste nolabait eragiten.
- Aitortzaileak Lana bere horretan eskaintzen du, eta ez du inolako bermerik eskaintzen Lanari dagokionez, ez berariazkorik, ez inpliziturik, ez legezkorik, ez besterik, barne hartuz, besteak beste, berme hauek: titulua, komertzializagarritasuna, xede jakin baterako egokitasuna, araurik ez urratzea, akats latente edo bestelakorik ez izatea, doitasuna edo erroreak izatea edo ez izatea, hautemangarriak izan edo ez, guztiak ere lege aplikagarriak baimentzen duen neurririk handienean.
- Aitortzaileak ez du bere gain hartzen, Lanean edo Lanarekin egiten den edozein erabilerari buruz, hirugarrenek izan ditzaketen eskubideak eskuratzeko erantzukizunik, barne hartuz, mugarik gabe, edozein pertsonak Lanaren gainean dituen Egile-eskubideak eta horiei Lotutako Eskubideak. Gainera, Aitortzaileak ez du bere gain hartzen Lana erabiltzeko beharrezkoa den edozein onespen, baimen edo bestelako eskubideren bat lortzeko erantzukizunik.
- Aitortzaileak ulertzen eta onartzen du Creative Commons ez dela dokumentu honen alderdietako bat, eta Creative Commons-ek ez duela inolako betebeharrik CC0 honi eta Lanaren erabilerari dagokienez.
About Creative Commons
Creative Commons ez da bere lizentzia publikoen alderdietako bat. Hala ere, Creative Commons-ek erabaki dezake bere Lizentzia Publikoetako bat aplikatzea berak argitaratutako materialari eta, kasu horretan, «Lizentzia-emaile» izango da. Creative Commons lizentzia publikoen testua jabari publikorako jarri da CC0 Jabari Publikoaren Eskaintzaren arabera . Ez baldin bada, bakar-bakarrik, materiala Creative Commons lizentzia publikoarekin partekatzen dela edo Creative Commons-ek creativecommons.org/policies webgunean argitaratutako politiketan onartutako beste edozein modutan partekatzen dela adierazteko, Creative Commons-ek ez du baimenik ematen «Creative Commons» marka erabiltzeko edo Creative Commons-en bestelako marka edo logotiporik erabiltzeko, aldez aurreko idatzizko baimenik gabe, barne hartuz, besteak beste, bere lizentzia publikoetan -edo material lizentziatua erabiltzeko bestelako edozein akordio, adostasun edo hitzarmenetan- baimenik gabeko aldaketak egiteko. Zalantzarik gelditu ez dadin, paragrafo hau ez da lizentzia publikoaren barnean sartzen.
Creative Commons-ekin harremanetan jar daiteke creativecommons.org webgunean.
Creative Commons is the nonprofit behind the open licenses and other legal tools that allow creators to share their work. Our legal tools are free to use.